2023. urte honetan hasi eta 2024ko martxoaren 23an Zuberoako Altzai herrian amaiera izango duen 15. txapelketa abiatzera doa. Herriz herri jokatuko da lehen fasea 2024ko otsailaren 25 arte, herrialdeko finalak martxoaren 9an jokatuko dira zazpi herrialdeetan.
AURREKO TXAPELKETAK:
2023ko martxoaren 23an jokatu zen 2022-2023 urteko Euskal Herriko 14. Mus txapelketa Bizkaiko Zornotza herrian. Finalean lehia azkarra izan zen Nafarroa Garaia eta Behe Nafarroaren artean, azkenean txapelak Irissarrira joan ziren. RAMUNTXO ONDARTS eta THIERRY OLAIZOLA gailendu zitzaien San Martins Unx eko JOSE LUIS LARA eta HERVE CASAri. Informazio guztia hemen.
ZERGATIK, EUSKAL HERRIKO MUS TXAPELKETA?
Euskal Herrian ohikoenetakoa den mahai jokoa izanik eta mus txapelketa ezberdinak antolatzen direla ikusirik, Euskal Herri osoko muslariak bildu eta antolatzeko helburuari ekin genion.
Bide honetan sortu genuen Euskal Herriko Mus Federazioa. Zazpi herrialdetako muszale eta muslariez osatzen da eta gure herriak bizi duen zatiketa administratiboaz gaindik, nazio bakar gisa antolatu eta garatzen dugu gure jarduna eta aldi berean nazio kontzientzia indartu.
Musean jokatzeko dauden modu eta ohitura ezberdinei lekua eskaintzen diegu herrietako kanporaketetan eta ondoren guztientzako joko arau eta irizpideak bateratu eta bat eginik antolatzen dugu Euskal Herri osoko txapelketa.
HERRIZ HERRI, HERRIALDEZ HERRIALDE
Garrantzi berezia eman nahi diogu txapelketaren zabalpenari, ahalik eta herri gehienetan antolatu nahi dugu herrietako kanporaketa eta horretarako norbere herrian edonork lagundu diezaguke txapelketa antolatzen. www.ehmus.eus webgunea bisitatu edo gurekin harremanetan jartzea nahiko du, guk zonaldeaz arduratzen den federazioko kidearekin lotuko dugu eta musaren amarauna josten eta zabaltzen jarraituko dugu.
Dagoeneko Euskal Herriko Mus Txapelketako finalak 7 herrialdeak bisitatu ditu eta aurten Zuberoara itzultzen da, zehazki ALTZAIn burutuko da. Finala 2024ko martxoaren 23an ospatuko da eta egun horretarako musa eta jaia uztartuko dituen egitaraua prestatu asmo dugu herritarrek eta Altzai-Altzabeheti-Zunharretako herriko etxeak lagunduta.
Euskal Herriko Mus Federaziotik, Euskal Herri luze zabalera parte hartzeko deia luzatzen dugu. Txapelketa antolatzen den lekuan musean eginaz eta aurreko urteetan antolatzera iritsi ez garen lekuetan, indar berezia egin nahi dugu, norbere herrian kanporaketa antolatzeko prest legokeen bolondresak gurekin harremanetan jartzera deitzen ditugu txapelketa zabaldu asmoz.
INFORMAZIO OROKORRA eta DATUAK
Dagoeneko abian da Euskal Herriko XV. Mus Txapelketa nazionalerako kanporaketa eta. Hemen dituzue nazio mailako mus txapelketaren xehetasun nagusiak..
PARTE HARTZEA: Iazko txapelketan, Euskal Herri osoko 220 herri ingurutan jokatu zen txapelketako lehen konparaketa, gutxi gora behera, 4.000 pertsonek parte hartu zuten, aurreko urteetako datuak gogoratuko ditugu:
Euskal Herriko zazpi herrialdetako edonork parte hartu dezake txapelketan. Bere herrian antolatzen den lekuan izen eman edo agertzearekin eta bikoteko 20 euro ordaintzearekin nahikoa du.
Azken urtean gazte eta emakumeen parte hartzea indartzen ari da. Lanean jarraituko dugu joera hau indartu eta zabaldu dadin.
ZABALPENA: Gutxi gora behera Euskal Herri osoko 220 herritan jokatzen da Euskal Herriko Mus Txapelketa. Bere herrian txapelketa antolatu nahi duenak aukera du webgunean zehazturiko pausoak emanaz.
SARIAK: 50.000 euro baino gehiago banatzen dira sarietan. Parte hartzaile bakoitzak oroigarria jasotzen du. Hemen dituzue sari garrantzitsuenak:
DATAK eta EPEAK: Azaroa, abendua, urtarrila eta 2024ko otsailaren 25 arte herrietako kanporaketak burutuko dira, 2024ko martxoaren 9n zazpi herrialdetako kanporaketak ospatuko dira eta 2024ko martxoaren 23an, final nazionala Zuberoako ALTZAI herrian.
HERRIALDETAKO KANPORAKETAK: 2024ko martxoaren 9an ospatuko dira.
INFORMAZIOAREN JARRAIPENA WEBGUNEAren BIDEZ
www.ehmus.eus webgunean aurkitu daiteke herrietako informazio oro bai eta txapelketan parte hartzeko behar den guztia. Txapelketaren antolakuntzan parte hartu nahi dutenek ere bertan aurkitu ahalko dituzte antolakuntzarako irizpide guztiak.
Euskal Herriko Mus Federaziotik hasi gara herriz herri eta eskualdez eskualde harremanak egiten 15. txapelketaren antolakuntzarako. Zure herriko kanporaketa antolatzen lagundu nahi izanez gero HEMEN sakatu eta jarri gurekin harremanetan
Euskal Herrian, 2023ko azaroaren 8an.