2025. urte honetan hasi eta 2026ko martxoaren 28an Gipuzkoan, Amasa-Villabona herrian amaiera izango duen 17. txapelketa abiatzera doa. Herriz herri jokatuko da lehen fasea 2026ko otsailaren 22 arte, herrialdeko finalak martxoaren 7an jokatuko dira zazpi herrialdeetan. Mus Federazioak, herrialdetako kanporaketen antolaketan parte hartzera deitu ditu muszaleak.
HERRIZ HERRIKO FASEA
Gaurtik hasita, 2026ko otsailaren 22 arte jokatuko dira kanporaketak herrietan.
ZAZPI HERRIALDETAN FINALAK
2026ko martxoaren 7an jokatuko dira zazpi herrialdetako finalak. Bakoitza bere herrialdean.
EUSKAL HERRIKO FINALA
2026ko martxoaren 28an jokatuko da Euskal Herriko finala Amasa-Villabonan, Euskal Herri osoko 128 bikote muslari oneen artean.
AURREKO TXAPELKETAK:
2025eko apirilaren 5ean jokatu zen 2024-2025 urteko Euskal Herriko 16. Mus txapelketa Araban, Zigoitiko Gopegi herrian.
Nafarroa Garaiko Leitza herriko JOSE MANUEL ZABALETA eta JOSE MIGUEL GONZALEZ eta Nafarroa Garaiko Etxarri Aranazko MIKEL GOIKOETXEA eta XABI URRESTARAZUren artean jokatu zuten Euskal Herriko 16. txapela, lehenak irabazi zuten. Informazio guztia hemen.
ZERGATIK, EUSKAL HERRIKO MUS TXAPELKETA?
Euskal Herrian ohikoenetakoa den mahai jokoa izanik eta mus txapelketa ezberdinak antolatzen direla ikusirik, Euskal Herri osoko muslariak bildu eta antolatzeko helburuari ekin genion.
Bide honetan sortu genuen Euskal Herriko Mus Federazioa. Zazpi herrialdetako muszale eta muslariez osatzen da eta gure herriak bizi duen zatiketa administratiboaz gaindik, nazio bakar gisa antolatu eta garatzen dugu gure jarduna eta aldi berean nazio kontzientzia indartu.
Musean jokatzeko dauden modu eta ohitura ezberdinei lekua eskaintzen diegu herrietako kanporaketetan eta ondoren guztientzako joko arau eta irizpideak bateratu eta bat eginik antolatzen dugu Euskal Herri osoko txapelketa.
HERRIZ HERRI, HERRIALDEZ HERRIALDE
Garrantzi berezia eman nahi diogu txapelketaren zabalpenari, ahalik eta herri gehienetan antolatu nahi dugu herrietako kanporaketa eta horretarako norbere herrian edonork lagundu diezaguke txapelketa antolatzen. www.ehmus.eus webgunea bisitatu edo gurekin harremanetan jartzea nahikoa da, guk zonaldeaz arduratzen den federazioko kidearekin lotuko dugu eta musaren amarauna josten eta zabaltzen jarraituko dugu.
Dagoeneko Euskal Herriko Mus Txapelketako finalak 7 herrialdeak bisitatu ditu eta aurten Gipuzkoara itzultzen da, zehazki AMASA-VILLABONA herrian burutuko da. Finala 2026ko martxoaren 28an ospatuko da eta egun horretarako musa eta jaia uztartuko dituen egitaraua prestatu asmo dugu herritarrekin eta Villabonako Udalak lagunduta.
Euskal Herriko Mus Federaziotik, Euskal Herri luze zabalera parte hartzeko deia luzatzen dugu. Txapelketa antolatzen den lekuan musean eginaz eta aurreko urteetan antolatzera iritsi ez garen lekuetan, indar berezia egin nahi dugu, norbere herrian kanporaketa antolatzeko prest legokeen bolondresak gurekin harremanetan jartzera deitzen ditugu txapelketa zabaldu asmoz.
INFORMAZIO OROKORRA eta DATUAK
Dagoeneko abian da Euskal Herriko XVII. Mus Txapelketa nazionalerako kanporaketa eta hemen dituzue nazio mailako mus txapelketaren xehetasun nagusiak.
PARTE HARTZEA: Iazko txapelketan, Euskal Herri osoko 230 herri ingurutan jokatu zen txapelketako lehen konparaketa, 5.000 pertsonen parte hartze langa gainditu genuen, aurreko urteetako datuak gogoratuko ditugu:
- 2009ko txapelketan 1.120 bikotek parte hartu zuten mus txapelketan.
- 2010eko txapelketan 1.800 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
- 2011ko txapelketan 2.200 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
- 2012ko txapelketan 2.250 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
- 2013ko txapelketan 2.060 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
- 2014ko txapelketan 2.125 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
- 2015eko txapelketan 2.100 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
- 2016eko txapelketan 2.050 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
- 2017ko txapelketan 2.040 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
- 2018ko txapelketan 2.150 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
- 2019ko txapelketan 2.300 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
- 2020ko txapelketa ez zen antolatu.
- 2021ko txapelketan 2.000 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
- 2022ko txapelketan 2.100 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
- 2023ko txapelketan 2.100 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
- 2024ko txapelketan 2.385 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
- 2025ko txapelketan 2.515 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
Euskal Herriko zazpi herrialdetako edonork parte hartu dezake txapelketan. Bere herrian antolatzen den lekuan izen eman edo agertzearekin eta bikoteko 20 euro ordaintzearekin nahikoa du.
Azken urtean gazte eta emakumeen parte hartzea indartzen ari da. Lanean jarraituko dugu joera hau indartu eta zabaldu dadin.
ZABALPENA: Gutxi gora behera Euskal Herri osoko 230 herritan jokatzen da Euskal Herriko Mus Txapelketa. Bere herrian txapelketa antolatu nahi duenak aukera du webgunean zehazturiko pausoak emanaz.
SARIAK: 50.000 euro baino gehiago banatzen dira sarietan. Parte hartzaile bakoitzak oroigarria jasotzen du. Hemen dituzue sari garrantzitsuenak:
- TXAPELDUNAK: Txapela, garai ikurra, 3.000€ eta nazioartera* bidaia lau lagunentzat. (*KARIBERA dena barne)
- TXAPELDUN ORDEAK:Garai ikurra, 1.500€ eta bi lagunentzat nazioartera* bidaia. (*KARIBERA dena barne)
- 3. BIKOTE SAILKATUA: 750€ eta asteburuko egonaldia lau lagunentzat
- 4. BIKOTE SAILKATUA 500€ eta Euskaraz ikasteko urte osorako 2 matrikula.
- 5.etik 8.era SAILKATURIKO BIKOTEENTZAT 250€
- 9.etik 16.era SAILKATURIKO BIKOTEENTZAT 100€
- HERRIALDEKO FINALETAN Txapelak, garai ikurrak, asteburuko egonaldiak, bazkari eta afariak...
- PARTE HARTZAILE BAKOITZARENTZAT kamiseta bat parte hartzea eskertzeko.
DATAK eta EPEAK: Azaroa, abendua, urtarrila eta 2026ko otsailaren 22 arte herrietako kanporaketak burutuko dira, 2026ko martxoaren 7an zazpi herrialdetako kanporaketak ospatuko dira eta 2026ko martxoaren 28an, final nazionala Gipuzkoan, Amasa-Villabona herrian.
HERRIALDETAKO KANPORAKETAK: 2026ko martxoaren 7an ospatuko dira.
- Arabako herrialdeko kanporaketa: KANPEZUn, lekua eta ordua zehaztuko dira.
- Bizkaiko herrialdeko kanporaketa: LEZAMAn, Enaitz tabernan 9:30etan.
- Behe Nafarroako herrialdeko kanporaketa: ISTURITZEn, Herriko gelan 9:30etan.
- Gipuzkoako herrialdeko kanporaketa: ANTZUOLAn, udal pilotalekuan 15:00etan.
- Lapurdiko herrialdeko kanporaketa: URRUÑA-PAUSUko Xaia ostatuan 15:00etan.
- Nafarroa Garaiko herrialdeko kanporaketa: IRUÑEAn Alde Zaharreko Arrano elkartean 8:30etan
- Zuberoako herrialdeko kanporaketa:URDIÑARBEn, Chistera ostatuan 14:30etan.
INFORMAZIOAREN JARRAIPENA WEBGUNEAren BIDEZ
www.ehmus.eus webgunean aurkitu daiteke herrietako informazio oro bai eta txapelketan parte hartzeko behar den guztia. Txapelketaren antolakuntzan parte hartu nahi dutenek ere bertan aurkitu ahalko dituzte antolakuntzarako irizpide guztiak.
Euskal Herriko Mus Federaziotik hasi gara herriz herri eta eskualdez eskualde harremanak egiten 17. txapelketaren antolakuntzarako. Zure herriko kanporaketa antolatzen lagundu nahi izanez gero HEMEN sakatu eta jarri gurekin harremanetan
Euskal Herrian, 2025eko urriaren 21ean.
Euskal Herriko Mus Federazioa