2026. urte honetan hasi eta 2027ko martxoaren 20an Lapurdin, Senpere herrian amaiera izango duen 18. txapelketa abiatzera doa. Herriz herri jokatuko da lehen fasea 2027ko otsailaren 21 arte, herrialdeko finalak martxoaren 6an jokatuko dira zazpi herrialdeetan. Mus Federazioak, herrialdetako kanporaketen antolaketan parte hartzera deitu ditu muszaleak.
HERRIZ HERRIKO FASEA
Gaurtik hasita, 2027ko otsailaren 21 arte jokatuko dira kanporaketak herrietan.
ZAZPI HERRIALDEETAN FINALAK
2027ko martxoaren 6an jokatuko dira zazpi herrialdeetako finalak. Bakoitza bere herrialdean.
EUSKAL HERRIKO FINALA
2027ko martxoaren 20an jokatuko da Euskal Herriko finala Senperen, Euskal Herri osoko 128 bikote muslari onenen artean.
AURREKO TXAPELKETAK:
2026ko martxoaren 28an jokatu zen 2025-2026 urteko Euskal Herriko 17. Mus txapelketa Gipuzkoako, Amasa-Villabona herrian.
Zuberoako Bixintxo Etchegoinberry eta Patrick Loustau urdiñarbetarrek jantzi zuten txapela Amasa-Villabonan. Txapeldun ordeak Etxarri-Aranazko Xabier Mauleon eta Ian Ansotegik osaturiko bikote gaztea izan zen. Informazio guztia hemen.
ZERGATIK, EUSKAL HERRIKO MUS TXAPELKETA?
Euskal Herrian ohikoenetakoa den mahai jokoa izanik eta mus txapelketa ezberdinak antolatzen direla ikusirik, Euskal Herri osoko muslariak bildu eta antolatzeko helburuari ekin genion.
Bide honetan sortu genuen Euskal Herriko Mus Federazioa. Zazpi herrialdeetako muszale eta muslariez osatzen da eta gure herriak bizi duen zatiketa administratiboaz haratago, nazio bakar gisa antolatu eta garatzen dugu gure jarduna eta aldi berean nazio kontzientzia indartu.
Musean jokatzeko dauden modu eta ohitura ezberdinei lekua eskaintzen diegu herrietako kanporaketetan eta ondoren guztientzako joko arau eta irizpideak bateratu eta bat eginik antolatzen dugu Euskal Herri osoko txapelketa.
HERRIZ HERRI, HERRIALDEZ HERRIALDE
Garrantzi berezia eman nahi diogu txapelketaren zabalpenari, ahalik eta herri gehienetan antolatu nahi dugu herrietako kanporaketa eta horretarako norbere herrian edonork lagundu diezaguke txapelketa antolatzen. www.ehmus.eus webgunea bisitatu edo gurekin harremanetan jartzea nahikoa da, guk zonaldeaz arduratzen den federazioko kidearekin lotuko dugu eta musaren amarauna josten eta zabaltzen jarraituko dugu.
Dagoeneko Euskal Herriko Mus Txapelketako finalak 7 herrialdeak bisitatu ditu, eta aurten Lapurdira itzuliko da, zehazki SENPERE herrian burutuko da. Finala 2027ko martxoaren 20an ospatuko da eta egun horretarako, musa eta jaia herritarrekin eta Senpereko Herriko Etxearen eta Ikastolaren laguntzarekin uztartuko dituen egitaraua prestatzeko asmoa dugu.
Euskal Herriko Mus Federaziotik, Euskal Herri luze zabalera parte hartzeko deia luzatzen dugu. Txapelketa antolatzen den lekuan musean eginaz, eta aurreko urteetan antolatzera iritsi ez garen lekuetan, indar berezia egin nahi dugu. Norbere herrian kanporaketa antolatzeko prest legokeen bolondresak gurekin harremanetan jartzera deitzen ditugu txapelketa zabaldu asmoz.
INFORMAZIO OROKORRA eta DATUAK
Dagoeneko abian da Euskal Herriko XVIII. Mus Txapelketa nazionalerako kanporaketa eta hemen dituzue nazio mailako mus txapelketaren xehetasun nagusiak.
PARTE HARTZEA: Iazko txapelketan, Euskal Herri osoko 238 herri edo tokitan jokatu zen txapelketako lehen konparaketa, 5.378 pertsonen parte hartzea lortu genuen, aurreko urteetako datuak gogoratuko ditugu:
- 2009ko txapelketan 1.120 bikotek parte hartu zuten mus txapelketan.
- 2010eko txapelketan 1.800 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
- 2011ko txapelketan 2.200 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
- 2012ko txapelketan 2.250 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
- 2013ko txapelketan 2.060 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
- 2014ko txapelketan 2.125 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
- 2015eko txapelketan 2.100 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
- 2016ko txapelketan 2.050 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
- 2017ko txapelketan 2.040 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
- 2018ko txapelketan 2.150 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
- 2019ko txapelketan 2.300 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
- 2020ko txapelketa ez zen antolatu.
- 2021eko txapelketan 2.000 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
- 2022ko txapelketan 2.100 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
- 2023ko txapelketan 2.100 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
- 2024ko txapelketan 2.385 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
- 2025eko txapelketan 2.515 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
- 2026ko txapelketan 2.689 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
Euskal Herriko zazpi herrialdeetako edonork parte har dezake txapelketan. Bere herrian antolatzen den lekuan izena eman edo agertzea, eta bikoteko 20 euro ordaintzea.
Azken urtean gazte eta emakumeen parte hartzea indartzen ari da. Lanean jarraituko dugu joera hau indartu eta zabaldu dadin.
ZABALPENA: Gutxi gora behera Euskal Herri osoko 238 leku/herritan jokatzen da Euskal Herriko Mus Txapelketa (Ikusi mapa). Bere herrian txapelketa antolatu nahi duenak aukera du webgunean zehazturiko pausoak emanaz.
SARIAK: 50.000 euro baino gehiago banatzen dira sarietan. Parte hartzaile bakoitzak oroigarria jasotzen du. Hemen dituzue sari garrantzitsuenak:
- TXAPELDUNAK: Txapela, garai ikurra, 3.000 € eta nazioartera* bidaia lau lagunentzat. (*KARIBERA dena barne)
- TXAPELDUNORDEAK: Garai ikurra, 1.500 € eta bi lagunentzat nazioartera* bidaia. (*KARIBERA dena barne)
- 3. BIKOTE SAILKATUA: 750 € eta asteburuko egonaldia lau lagunentzat.
- 4. BIKOTE SAILKATUA: 500 € eta euskara ikasteko urte osorako 2 matrikula.
- 5.etik 8.era SAILKATURIKO BIKOTEENTZAT: 250 €
- 9.etik 16.era SAILKATURIKO BIKOTEENTZAT: 100 €
- HERRIALDEKO FINALETAN: Txapelak, garai ikurrak, asteburuko egonaldiak, bazkari eta afariak...
- PARTE HARTZAILE BAKOITZARENTZAT: kamiseta bat parte hartzea eskertzeko.
DATAK eta EPEAK: Azaroa, abendua, urtarrila eta 2027ko otsailaren 21 arte herrietako kanporaketak burutuko dira, 2027ko martxoaren 6an zazpi herrialdeetako kanporaketak ospatuko dira eta 2027ko martxoaren 20an, final nazionala Lapurdin, Senpere herrian.
HERRIALDEETAKO KANPORAKETAK: 2027ko martxoaren 6an ospatuko dira.
- Arabako kanporaketa: ERRIBERABEITIAn, polikiroldegian edo kultur etxean 10:00etan.
- Bizkaiko kanporaketa: ZEBERIOn herriko plazan, 9:00etan.
- Behe Nafarroako kanporaketa: HELETAn, Ttotte Ostatuan 9:30etan.
- Gipuzkoako kanporaketa: HONDARRIBIn, Jostaldi pilotalekuan 15:00etan.
- Lapurdiko kanporaketa: URRUÑA-PAUSUko Xaia ostatuan 15:00etan.
- Nafarroa Garaiko kanporaketa: IRUÑEAn Alde Zaharreko Arrano elkartean 8:30etan
- Zuberoako kanporaketa: MAULEn Gau Eskolako gelan, ordua zehaztuko da.
INFORMAZIOAREN JARRAIPENA WEBGUNEAren BIDEZ
www.ehmus.eus webgunean aurkitu daiteke herrietako informazio oro, bai eta txapelketan parte hartzeko behar den guztia. Txapelketaren antolakuntzan parte hartu nahi dutenek ere bertan aurkitu ahalko dituzte antolakuntzarako irizpide guztiak.
Euskal Herriko Mus Federaziotik hasi gara herriz herri eta eskualdez eskualde harremanak egiten 17. txapelketaren antolakuntzarako. Zure herriko kanporaketa antolatzen lagundu nahi izanez gero HEMEN sakatu eta jarri gurekin harremanetan
Euskal Herrian, 2026ko urriaren 26an.
Euskal Herriko Mus Federazioa
